SINADUREN EGIAZKOTASUNA

Baleikek antolatu berri duen alkategaien arteko mahai-inguruan azaldutako ukapen batzuen harira, Zero Zabor Zumaian taldekook gure egia kontatu beharrean gaude.

Mahai-inguru hartan, Pili Etxabek, orain H1eko hautagai denak, gure taldeari atxikimendua eman izana eta Usurbilgo Ituna sinatu izana ukatu zuen. Taldearen sinesgarritasuna kolokan den honetan, gure aldetik hauxe da horren inguruan dugun bertsioa:

Zero Zabor Zumaian taldea sortu eta aurkezpen ekitaldia prestatzerakoan, herriko eragileengana jo genuen, beren atxikimendua eskatu eta Usurbilgo Ituna sinatzeko proposamena luzatuz. Itun horren helburua erraustegi proiektuaren luzapena eskatzea da, eta horixe da hain zuzen ere gure proposamenaren ardatzetako bat.

Zinegotzi independente gisa Pili Etxaberengana ere jo genuen. Hasierako kontaktua posta elektronikoz egin genuen, eta bertan luzapena eskatzearekin guztiz ados zegoela azaldu zigun (hori idatziz dagoenez ez du haizeak eraman, ahoz emandako hitza ez bezala). Hori ikusirik, Pilirekin telefonoz kontaktuan jarri ginen, eta gure aurkezpen ekitaldira etortzerik ez bazuen ere taldeari atxikimendua ematen ziola azaldu eta Usurbilgo Itunaren sinatzaileen zerrendan bere izena agertzeko baimena eman zigun… hitzez. Eta orain ikusi dugunez, bere hitza bidean galdu da.

Hurrengo egunetan, komunikabideek taldearen aurkezpenaren berria zabaldu zutenean, inor ez zen bere jarreraz desmarkatu, eta Pili ez zen guregana zuzendu bere izena erabili izanaz protesta egiteko.

Orduan atxikimendua eskertu genion bezala, orain pena handiz hartu dugu berak egindako ukapena. Momentuko urduritasunak edo orain beste mezu bat eman nahi izateak ez du gezurra justifikatzen, eta egiari zor, gertaerak argitu nahi izan ditugu.

Badirudi hitzak ere birziklatzen hasi behar dugula, eta horixe eskatzen diogu Pili Etxaberi, atxikimendua eman izana gaur bertan telefonoz onartu digunez gero. Gu egiaren edukiontzia betetzeko moduan gaude.

Post hau Ekin eta ekin, Salaketak, Zabaldu atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi iruzkina