Uztailaren 3a, plastikozko zorrorik gabeko eguna

Gaur, uztailak 3 Plastikorik Gabeko Nazioarteko 3. Eguna (International Plastic Bag-Free Day) ospatzen da, errauskailuen kontrako GAIA mugimenduak, Zero Waste Europe eta Fundació Prevenció de Residus i Consumek antolatuta.

Iragarki bideoa “Get rid of plastic bags, 3rd July International Bag Free Day

Greenpeaceko Julio Barea “¡No me des la bolsa! (de plástico)

Bideo labur zoragarria “The Majestic Plastic Bag – A Mockumentary“, Kaliforniako plastikozko zorro baten istorioa, Jeremi Ironsen ahotsez lagundua

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Festetan Zero Zabor bidean

Badatoz festak berriro ere gure herrira. Badator musika, alaitasuna, parranda eta ondo pasatzea. Eta guzti hau zero zabor bidean egiteko gonbitea egin nahi dugu.

Zumaian azken hilabetean egin diren bi festa aztertu ondoren, atzera egin dugula konturatu gara. Zumaiako herri eskolak antolatutako festan, iaz ez bezala, aurten erabili eta botatzeko edalontzi eta platerak erabili dituzte, eta horretaz gain hondakinak sailkatuta biltzeko aukerarik ez dute eman (zabor poltsa handiak jarri eta guztia nahasian bildu da bertan). Amaiako plazan egin berri den marinelen azokan ere antzera jokatu dute, eta San Telmotan ez bezala, edalontzi eta platerak erabili eta bota egin dira eta baita guztia nahasian bildu ere.

San Pedroak datozen honetan guztioi ahalegintxo bat egiteko eskatzera gatoz. Ez dadila guk erabilitako plastikozko hondakin bat bera ere Urtetako zabortegira eraman, ez dezala guk sortutako hondakin organikorik Urteta kutsatzen jarraitu, ez dezagula ingurumena kaltetuko duen ezer egin, zentzuz jokatu dezagun.

Zero Zabor Zumaian

zerozaborzumaian@gmail.com

Imagen

 

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Gipuzkoako Hondakinak kudeatzeko planaren aldaketa

Aldundiak aurkeztu duen Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Planaren aldaketa ezagutu nahi? Irudia sakatu pdf-a irakurri ahal izateko?

Ekin eta ekin, Zabaldu atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Konpostajea

Aldundiak aurkeztutako planak proposatzen dituen azpiegiturekin bukatzeko, hona hemen konposta egiteko bi sistema:

Ekin eta ekin, Zabaldu atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Eta digestio anaerobikoa edo metanizazioa?

Aurrekoarekin jarraituz, gaika bildutako materia organikoa tratatzeko horrelako sistema bat proposatzen dute San Markon (eta Lapatxen dagoen bezalako beste 6 konpostatze-planta).

Ekin eta ekin, Zabaldu atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Trataera mekaniko-biologikoa, zer da?

Aldundiak aurkeztu duen hondakinak kudeatzeko planaren aldaketan, gainerako zatikia (“fracción resto”) inerte bihurtzeko trataera mekaniko-biologikoa proposatzen du (hiru planta, hain zuzen ere). Planta horiek malguak izateko daude pentsatuta, gaikako bilketak izango duen gorakada handia ahalbidetzeko.

Trataera mekaniko-biologiko hori egiteko metodo bat baino gehiago dago, baina funtsean, bi bideo hauetan ikus daitekeen tratamendua da:

Ekin eta ekin, Zabaldu atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

MOSAIKOAN PARTE HARTUTAKOEI, ESKER ONEZ

Ekainaren 8an 250 herritar elkartu ginen Zumaian, guztiok oihu beraren pean: “Errausketarik ez!!”.

Guretzat handia izan zen jasotako erantzuna: 250 lagun prest, 250 lagun erne, 250 lagun argi. Prest, nork bere kasa egin dezakeen ekintza soil bezain garrantzitsua egiten jarraitzeko: norberaren hondakinak sailkatzea. Erne, komunikabideetatik datozkigun intoxikazio eta gezurretatik babesteko. Eta argi, informazioa bildu eta iritzi sendo bat osatzeko.

Izandako prestutasuna eta jarrera eskertu nahi ditugu, eta ekainaren 17rako gonbita luzatu. Zumaian egin duguna handia izan da; Donostian egingo duguna, erraldoia!
Gipuzkoan aire garbia izan dezagun lanean jarraitu behar dugulako, goazen gauzak ondo egitera!

Ekainaren 17an guztiok Saguesera!!!!

Deialdiak, Ekin eta ekin, Zabaldu atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Ekainaren 17an, Donostian, errausketari ezezko ozena ematera goaz

Grisa da porlana, grisa errautsa, grisa zaborra. Grisa da batzuek ekarri nahi diguten etorkizuna. Errausketa da eskaintzen diguten bakarra. Errausketa grisa, etsi-etsian. Baina guk, etsipenaren aurrean, kolorea aldarrikatzen dugu.Benetako etorkizuna. Benetan aukera badagoelako errausketa alde batera utzi eta tratamendu garesti eta toxikoak gainditzeko. Etorkizuna kolorez jantziko dugu, osasunez, itxaropenez, konpromisoz.

Ekainaren 17an ezezko ozena emango diogu errausketari. Festa giroan egingo dugu gure aldarrikapena: Pirritx eta Porrotx, eskulanak, musika, bertsolariak, antzerkia eta guztion artean osatuko dugun mosaiko erraldoia.

Denok sortzen ditugu hondakinak, denok gara arazoaren parte. Izan gaitezen konponbidearen parte ere. Zumaiarrok ere badugu zer esana. Har dezagun gure lekua konponbidean! Har dezagun gure lekua mosaikoan!!

DONOSTIA – SAGUES

10:00 Zumaian trena

11:00 – 11:30 Pirritx, Porrotx eta Marimotots, musika eta eskulanak

11:30 – 12:00 Bertsolariak, antzerkia, musika…

12:00 – 12:30 Mosaikoan kokatzea

12:30 MOSAIKO ERRALDOIA

Aire garbiak bira nazan! zero errausketa

*Mosaikorako kartulinak aurrez lortu nahi dituenak [zerozaborzumaian@gmail.com] helbidera idatzi. Bestela, igandean bertan Zumaiako tren geltokian eskuratu ahal izango dituzue.

Deialdiak, Ekin eta ekin, Zabaldu atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

OSTIRALEAN BEHEKO PLAZAN, 19:30ETAN

Horixe da hitzordua. Denok bat egin nahi dugu festa batean. Denok bat egingo dugu MOSAIKO alai batean. Denok bat egingo dugu Gipuzkoa garbi baten aldeko aldarrian.

Duela urtebete erraustegiari moratoria bat ezartzeko eskaera egin genuen, dantzaldi jendetsu baten bidez, eta zumaiarrok ere parte hartu genuen Flash Mob hartan. Orain, asmo berrietan erraustegiak lekurik ez duela jakin dugunean, mosaiko bat eginez ospatu nahi dugu. Hala ere, oraindik bada zer aldarrikatu, batzuek gogor jarraitzen baitute erasoan, eta guk, alde horretatik, egiten ari garen bidea babestu eta gure jarrera agertu nahi diegu.

Zumaian egingo dugun mosaikoa ekainaren 17an Donostian egingo denaren aurrerapena izango da. Saguesen milaka lagun bilduko gara mosaiko erraldoi batean, eta festa handi bat egingo dugu denon artean hartuko dugun bidea aldarrikatzeko.

Ostiralean beheko plazan, 19:30etan, hau guztia agertu nahi dugu, Zumaian askok eta askok erraustegiaren aurkako iritzia dugulako, Zumaian askok eta askok Gipuzkoa 30 urterako saldu nahi ez dugulako, Zumaian asko eta asko birziklatzearen alde benetan gaudelako, Zumaian askok eta askok gauzak ondo egin nahi ditugulako.

Zatoz zu ere eta egin bat gure erronkarekin.

GOAZEN GAUZAK ONDO EGITERA!!!!

Deialdiak, Ekin eta ekin, Zabaldu atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

ZUMAIAK AURRERA DARRAI. ZORIONAK!

Bi hilabete eskas pasa dira udalak hondakinak modu selektiboan bildu eta birziklapena %80ra igotzeko konpromisoa hartu zuenetik. Denbora honetan herritarrak informatzen aritu dira alkatea eta zinegotziak: bilketa nola egiten den, helburuak zein diren… Lan handia eta zaila izan da, eta guk gure esker ona helarazi nahi diegu.

Bilera horietan ehunka lagun izan gara, eta zuzen-zuzenean jaso dugu informazioa. Lehendik animatuta geundenok indar handiagoa dugu orain aurrera egiteko, eta beldurrez eta ezkor zeudenek, berriz, lasaitu ederra hartu dute, aurrez entzundako hainbat eta hainbat informazio okerrak zirela ohartu ondoren.

Orain gu guztion lana da egia kontatzea. Kalean ahoz aho dabiltzan hainbat eta hainbat uste ustelen ordez egia ikusarazi eta zabaltzea, beldur direnak lasaitzea, denon artean egin behar dugu. Usain txarra egongo dela, kaleak zikin ikusiko direla, deserosoagoa izango dela, arratoiak ugarituko direla, garestiagoa izango dela… Hori guztia gezurra dela erakutsi eta demostratu digute. Egin dezagun egiaren katea denon artean, eta erakutsi dezagun zein izango diren gure herriak jasoko dituen onurak.

Ekainaren 2an Usurbilera joateko autobusa antolatu du udalak doan. Aukera ezin hobea dugu denok egia bertatik bertara ikusi eta gure herrian izango dugunaren berri zuzen-zuzenean jasozeko. Iritsi da nahita zabaldu diren informazio okerrak zuzentzeko garaia. Norberaren ardura da egia ezagutzea eta engainatzen ibili diren horiek agerian uztea.

Guk gure aldetik lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu. Murrizketaren, berrerabilpenaren eta birziklapenaren alde egiten jarraituko dugu, eta horrekin bat egiten duen oro beso zabalik hartuko dugu. Eta gogoratu: hondakinik onena, sortzen ez dena!!!

Iritzia atalean publikatua | Iruzkin bat utzi