“Hernani atez ate” blogean irakurri dugu:
Udalak joan den astean jaso zuen Hernanitik Lapatx konpostagunera eramandako organikoaren azken azterketaren emaitza. Eta jakinarazi duenez, emaitza horrek erakutsi du, Hernanitik eramandako organikoaren garbitasuna %99,85ekoa izan zela. Lapatxek, azaroaren 14an eramandako organikoarekin egin du azterketa. Emaitza hori dela eta, Udalak, hernaniar guztiak zoriondu nahi ditu, «datu horiek ezinezkoak izango lirateke zuen laguntzarik gabe».
Azterketak, noizean behin
Hernanin biltzen den organikoa, Lapatxeko konpostagunera eramaten da. Konpostagune horren ardura, GHKk dauka, hau da, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak. Lapatxen, iristen den organikoaren kontrola egiten dute. Hori horrela, noizean behin, Hernanin biltzen den organikoari azterketa egiten diote bildutakoaren kalitatea eta ezaugarriak jakiteko. Horretarako, aleatorioki azterketa egunean jaso den organikoaren lagin (muestra) bat hartzen dute. Organikoa biltzen hasi ginenetik, azterketa horietan emaitza onak jaso ditugu, organikoaren garbitasuna %98 inguruan egon baita.