FLASH MOBaren balorazioa egin du Gipuzkoa Zero Zabor Taldeak

Pasa den martxoaren 20an Zubietan antolatu genuen FLASH MOB ekimenari herritarrek erantzun bikaina eman zioten. Egundoko arrakasta lortu genuela uste dugu. Gure aurreikuspenetatik gora ibili izanak pozez bete gaitu eta aurrera jarraitzeko indarra eman digu. Zentzu horretan, Gipuzkoa Zero Zabor taldean ekimenaren balorazio ezin hobea egiten dugu. Hartutako lan guztiak merezi izan du.

Gure zenbaketaren arabera, martxoaren 20an 3000 lagun inguru hurbildu ziren Zubietara eta horietatik 2000 lagunek dantzatu zuten ‘Hartu nahi dut arnas’ abestia. Inor gutxik espero zuen 2000 lagun Zubietara koreografia jakin bat ikasita dantzara joatea. Baina jarritako helburu zaila gainditzea lortu dugu. Pozik gaude, jendearen erantzuna ikusgarria izan zelako.

Errauste plantak zuzenean kaltetuko lituzkeenengana, Zubieta eta inguruko herrietara, gipuzkoar guztion elkartasuna eramatea lortu dugu. Zubietarrek elkartasun eta indar handia sentitu zutela esan digute eta itxaropena itzuli zaiela, errausketa tratamentu finalista bezala baztertzeko indarrak biltzen ari direlako Gipuzkoa osoan zehar. Gipuzkoa ohartzen ari da hondakinen arazoa guztiona dela eta irtenbidea  guztion artean aurkitu behar dugula.

Ekitaldian aipatu genuen bezala errauste-planta bat ezin da herritarren iritziaren aurka eraiki eta mantendu. Errauste-plantak herritarron botua, zergak eta zaborra behar ditu bizitzeko eta flashmobak horren kontzientzia hartzeko balio izan du.

Goiz bikaina eta giro aparta izan genituen errauste-plantaren proiekturarentzat moratoria eskatzeko. Ekimen berezia izan zen, emotiboa, eta konexio majikoa lortu genuen guztion artean. Moratoriaren eguna izan zen. Herritarrok gure iritzia adierazi genuen eguna. Errauste-plantaren eraikuntzan irudikatzeko jarritako lehen harria kentzeko adina indar bildu genuen eguna. Lehen harriak azkena izan behar duela ozen entzun zen eguna.

Elkartasun keinu erraldoi horretan Japoniarrei ere mezu sentitu bat helarazi genien. Hango hondamendi natural eta teknologikoaren biktimei elkartasuna eta errespetuzko miresmena adierazi genizkien, une zail hauetan. Yoy Okuyamak irakurri zuen mezua, 11 urteko neskato erdi-japoniar erdi-euskaldunak, guztion izenean. Ekitaldiaren unerik hunkigarrienetakoa izan zen. Teknologia kaltegarri eta arriskutsuen kalteak lokalki sufritzen badira ere arazo bera bizi dute miloika lagunek globalki. Donostiako errauste-plantaren moratoria eskatzea aldarrikapen lokala den arren, gure mugimenduaren pentsamendu globala adierazi nahi izan genuen, Japongo herriaren mina gurea ere badelako.

Jende oldea etorri zen Gipuzkoa osotik Foru Aldundiari denbora eskatzera, zero zabor programak martxan jarri nahi ditugula adieraztera. Europako zuzentarauek diotenari jarraiki murriztu, berrerabili eta birziklatu nahi dugu, eta ez hondakinak erre. Mota guztietako jendea, ekitaldi anitza izan zelako. Eta gainera primeran pasa genuen.

Bideo ofiziala ateratzeko lanean jarraitzen dugu eta laster iragarriko ditugu hemendik aurrerako prestatzen ari garen ekimenak, moratoria lortu bitartean ekimen erakargarri eta irudimentsuak antolatzen jarraitzeko asmoa daukagulako.

Bukatzeko, horrelako egun baten antolaketan sorturiko eragozpenengatik aurrez barkamena eskatu eta eskerrik sentituenak eman nahi dizkiegu, bihotz-bihotzetik, igandeko ekitaldia arrakastatsua izatea posible egin duten guzti-guztioi. Azken asteotan entseguak antolatu eta bertan monitore lanak egin dituztenei. Deialdia eta mezua zabaltzen lagundu diguten guztiei. Laguntza teknikoa eman diguten guztiei. Ekitaldian lan egitera etorri zirenei. Etorri eta lanerako “engantxatu” genituenei. Oholtza gainean aritu zirenei: ZZ eta Laxa, eta abeslariak Eñaut, Ioritz, Harkaitz eta Montetxio eta Xumela koruak. Ekitaldian dantza eginez edo plazan kanpotik babesa erakutsiz parte hartu zutenei. Herrietako Zero Zabor talde guztiei, Porrotx eta Marimototsi, Alurr Ibarrako dantza taldeari, Amerika Latina Unida dantza taldeari eta Free Style eta Break Dance dantzariei. Zubietako herritarrei. Eutsiorreiko lagunei. Bukatzeko Mikel Mondra koreografoari esker berezia eman nahi diogu ekimena majiaz betetzeagatik. Mila esker guztiei Gipuzkoa Zero Zaborreko kideon partetik.

Arrakasta zuek guztiok egin duzue posible!

Post hau Ekin eta ekin, Zabaldu atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s