Zubietako errauste plantaren finantzaketa dela eta

Gipuzkoako agintariek herritarroi jakinarazi digute azkenean lotu omen dutela Zubietan errauste planta eraikitzeko beharreko finantziazioa. Gipuzkoa Zero Zabor koordinakundeak bere iritzia azaldu nahi du gai honetaz.

Gure desadostasun erabatekoa azaltzen diegu Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari diru publikoa horrela erabiltzea erabakitzean erakusten duten axolagabekeriagatik. Tematuta segitzen dute gure hondakinak urritu, berrerabili eta birziklatzeko partez horiek kixkaltzeko proiektuan, jakinik hori dela –errausketa- aukerarik zikinena, kutsagarriena, iraunkortasunik gutxiena duena eta garestiena.

Egun batetik bestera zifra ezberdinak aipatzen dituzten arren, dirutza izugarri bat da hondakinentzako errauste planta eraikitzen xahutu nahi dutena. Dirutza hori Gipuzkoarroi kobratu nahiko digute datozen hamarkadetan, zertarako eta, ez hondakinak suntsitzeko baizik eta bestelako hondakin askoz kutsagarriagoak bihurtzeko. Aldiz, diru hori askoz hobeto erabiltzeko modua badagoela demostratuta dago eta gure agintariek jakin beharko lukete, azaldu baitzaie behin eta berriro.

Esan zaigunez, bi banku komertzial espainiar eta Europako Inbertsioen Bankuak finantziatuko omen dute errauste plantaren eraikuntza. Ez zaigu xehetasun handirik eskaini finantziazio horren truke banku horiek jarri dituzten baldintzez. Baldintza gogorrak izango dira, seguru; munduko beste leku askotan erakutsi den bezala errauste planten bideragarritasuna lortzeko, herritarrei kendutako dirua erruz bildu beharko dute, bai biltzen duten hondakinen gaineko tarifak igoz, bai gero eta subentzio zikinagoak asmatuz. Urte askotarako hipotekaturik geratuko gara gipuzkoarrok.

Zero Zabor politikak ezartzea askoz merkeagoa da, iraunkorragoa eta osasunarentzat onuragarriagoa. Munduan leku askotan demostratu da eta Euskal Herrian ere bide horretan abiatuta gaude. Gipuzkoako aginte faktikoek, Diputazioko agintari politikoek eta goi funtzionarioek, hondakinetatik negozioa egiten duten enpresek eta hauekin elkar hartuta dauden komunikabide handiek, guztien artean sekulako intoxikazio kanpaina ari dira burutzen urteotan, mundu osoan hainbeste kritikatzen den errausketa Gipuzkoan onartu dezagun. Eta hala ere ez dute lortu herritarrak engainatzerik.

Gipuzkoako herritarrei animoak eman nahi dizkiegu. Haiek indarra baldin badaukate, guk, herritarrok, arrazoia daukagu. Gure eta gure ondorengoen osasuna, ongizatea eta dirua dauzkagu jokoan.

Ez dugu onartzen Gipuzkoa osoa zorretan sartzea zeren truke eta hondakinen errausketaren truke. Dominique Belpomme mediku eta kantzerologoak esana du berrikitan: Errausketa gizateriaren kontrako krimena da!

Behin berriro diogu, eman aukera bestelako hondakinen kudeaketa sistemak Gipuzkoan praktikan jartzeko, MORATORIA eskatzen dugu.

Gipuzkoa Zero Zabor

Post hau Iritzia atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s